Zer da psikomotrizitatea?
Psikomotrizitatea heziketari ekiteko era bat da, mugimendutik eta ekintzatik abiatuz, pertsonaren gaitasunak garatu nahi dituena. Psikomotrizitate saio batek beti izan behar du marko bat, hau da, nahiz eta haurrei askatasuna eta autonomia eskaini, hainbat arau eta muga egon behar dira haurren ezaugarriak kontuan hartuz, horrela, kaos bat sortzea eragozten da. Marko honen barruan sartzen dira erritualak.
Zein da psikomotrizitatearen helburua?
Haurraren autonomia eta garapena sustatzea, sormena lantzea, funtzio sinbolikoa garatzea, birtseguratze-prozesua sustatzea eta haurrari deszentratze-prozesuan laguntzea dira psikomotrizitatearen helburuak.
Hainbat helburu ditu psikomotrizitateak. Batetik komunikazioa, haurrari komunikatzen laguntzea eta horretan sakontzea. Bestetik, heldutasun prozesuan bidelagun izatea. Honek, haurrari pentsamendu operatoriora iristea ahalbidetuko dio. Bestalde, ez dadila joan burua alde batetik eta gorputza bestetik, izan ere, garrantzitsua da biak osotasunean integratzea.
Haurra dimentsio sinbolikoan sartzea, egiten duena modu sinbolikoan egitea. Horretarako, errealitatea eta fantasia desberdindu beharko ditu. Adibidez, bere burua lehoi bat dela sinbolizatzen badu, jakin egin beharko du jolasean ari dela eta ezin duela minik eman.
Nola egituratzen da saio bat? Zergatik?
Saio bakoitzean 3 denbora tarte bereizten dira.
Hasieran, psikomotrizitate gelara sartzerakoan, guztiak bildu eta haurrak nola sentitzen diren eta zer egingo duten azalduko du helduak. Haurrek ezingo dute segituan jolasean hasi, eta honek, haurrei frustrazioa sentitzea eragingo die. Frustrazio hau oso garrantzitsua izango da haurra autonomo izateko eta sozializazio bidean sartzeko. Modu honetara, haurrek zain egoten eta arauak errespetatzen ikasten dute, frustrazio legea landuz. Frustrazio legeak dioena da, haurrek ezin dutela nahi dutenean nahi dutena egin, haurrek gabezia batzuk behar dituztela, baina beti ere gain ditzaketenak. Haurrek une horretan garatu duten frustrazio hori gainditzeko, psikomotrizistak beste baliabide batzuk eskaini behar dizkie honetarako, baina hauek ere muga batzuekin, adibidez, haur batek egurrezko zerbait bota nahi badu eta hezitzaileak ezetz esaten badio, beste aukera bat eskainiko dio beste zerbait botatzeko, adibidez gomazko zerbait; bere burua eta gainerako haurrak arriskuan jarri gabe. Hori egin ondoren, jada haurrak jolasten hasiko dira. Jolasa amaitzeko, hezitzaileak haurrei abisua emango die jolasa amaituko dela, eta orain beste jarduera bat egingo dutela.
Hau egin ondoren, istorio bat kontatuko zaie haurrei emozioak lantzeko eta emozio horiek irudiekin lotzeko. Istorio hauek haurrari bere ondoezetik eta larritasunetik urruntzen lagunduko dio, azken finean, birtsegurtatzen.
Istorioa amaitutakoan, psikomotrizitate saioari bukaera emateko, grafismoa, eraikuntza, modelaketa eta hizkuntza erabiliko dira, lehenago eginiko ekintzak pentsamendura pasatzeko. Hemen, haurrek marrazki, eraikuntza edo horrelako beste jarduera batzuk egingo dituzte, barruan duten eta hitzekin adierazi ezin duten hori azaleratzeko.
Zein espazio eta material erabiltzen dira?
Bi espazio ezberdinetan bereizten da psikomotrizitate gela: adierazkortasun motorrerako gunea (ekintza eta jolaserako), eta adierazkortasun plastiko eta grafikorako eta hizkuntza-adierazkortasuneko beste gune bat. Haurrei toki batetik bestera ibiltzeko gonbita egingo zaie, gorputzarekin eta hizkuntzarekin sinbolizatzeak ematen duen plazerera igarotzeko. Hori lagungarria izango zaio haurrari, sinbolizazio maila batetik bestera iragateko (gorputzetik hizkuntzara). Ekintzatik pentsamendura doan igarobide horrek psikismoa sustatzen laguntzen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario